Andres Espinosa Etxebarriaren mendi-ibilaldi eta abenturek
ez zituzten bere irudimenak ezarritako mugak baino ezagutu. Enrique Renteria
pintorea lagun zuela, Aramotz mendilerroan egin zituen lehenengo txangoak,
bere haurtzaroko paisaia eta ibilerak inguru hauetan gauzatuz. Mende bat
pasatu ondoren, Espinosaren pausoak jarraitzeko gonbitea egiten dizuegu
berak sarritan ibili zituen bidezidorretatik.
Andresen izena daukan ibilbide honetatik gabiltzala, hark beti bakarrean
burutu zituen abentura itzelak datozkit burura: Bulneseko Naranjo mendia
eskalatzea, Mont Blanc eta Cervinora igotzea, basamortu eta oihanetatik
zehar Sinai eta Kilimanjaro tontorrak menderatzea, eta Himalaiaraino egindako
bidaia izugarria. Sei urteren buruan Espinosa garai hartako alpinistarik
ezagunetariko bat bilakatu zen.
Espinosaren izaerak, ordea, kirolariarenaz gain beste hainbat
alderdi ere gordetzen ditu: gizon ikasia da, marraztu eta idazteko erraztasun
handia daukan humanista ilustratua. Natura maitatu eta errespetatzen duen
pertsona mistiko eta sentibera dugu, nolabait esateko, ekologismoaren
aitzindaria. Ezaugarri hauek ederki agertzen dira bere idatzi eta marrazki
baliotsuetan, nahiz eta hauetariko asko oraindik gutxi ezagutu edota argitaratu
gabe dauden.
Gure urratsak gidatuko dituen Andres Espinosa deritzon ibilbide hau mendizale
zornotzarrak ondo merezitako omenaldia da. Honela, "garaiago, zailago
eta urrunago" lelotzat zuen gizon hura gogoratu eta, hiru kontinentetako
gailurretara abiatuz, mendizaletasuna zabaldu eta demokratizatu zuen ibiltari
saiatua berreskuratu gura izan da.
Luis Alejos,“El montañero y aventurero Andrés Espinosa”
liburuaren idazlea.
Mendizale guztiok tontor apaletatik hasi eta gero eta altu
eta zailagoekin egiten dugu amets. Andres Espinosa zornotzarra hiru kontinentetako
gailurrak bakarrean igotzeagatik nabarmendu zen 1930eko hamarkadan. Seguru
asko, bide hauetan sustraituko zitzaion gailurretarako eta eta naturarako
zeukan grina bizia.
Euskal Herrikoak ezagutu ondoren, penintsulako mendiak hartu zituen helburutzat.
Sendotasun fisiko handiko gizon ausarta zela nabarmendu zen bere lehen
abentura bakartietan. Perdido, Mulhacén, Veleta, Urbión, Teide eta beste
hainbat tontorretara igoko da eta pausoz pauso naturarekiko harreman estua
garatzen hasiko.
Euskal alpinismoaren historian mugarri bat ezarri zuen Espinosak 1928ko uztailaren 30ean. Picos de Europan txango bat egiten ari zela, Bulnesko Naranjo paretaren lehen metroak probatzen hasi zen oinutsik eta sokarik gabe. Eroso sentitu eta, bi aldiz pentsatu gabe, tontorreraino jarraitu zuen, paretatzar bertikala mendean hartuz. Igoera harrigarri honek aho zabalik utzi zituen estatuko mendizale asko eta garaiko egunkarietan sarri agertzen hasi zen bere izena.
Estatuan egindako igoerek eman zioten konfiantzak Alpeetan
ausartzera bultzatu zuten hurrengo urtean. Beti bakarrik eta gomazko abarken
gainean granpoiak jantzita, ordura arte inork lortu gabeko helburua egia
bihurtu zuen: Mont Blanc eta Cervino mendiak bakarrean eskalatu zituen
lehen gizona izan zen. Ez ziren igoera errazak izan, gosea, hotza eta
ekaitzak suertatu baitzitzaizkion eta behin baino gehiagotan erorketa
arriskutsuak ere bai. Baina bizkaitarraren sendotasun eta burugogorkeriak
oztopo guztiak gainditzeko gai zirela erakutsi zuten berriz ere.
Igoera ikusgarri hauek izango dira zornotzarraren kirol-ibilbideko urrats
erabakigarria. Ezagunagoa egiten ari den neurrian, naturan eta basoan
egia eta isiltasuna topatu dituen iheslari bat bilakatuz joango da eta
gailur garaiagoekin amesten hasten da.
Andres Espinosa zornotzarrak burututako abentura ugarien artean Afrikako ibilera sinestezinek eman zioten osperik handiena. Europatik kanpora egindako lehen euskal espedizioa izateaz gain, Kilimanjarora (6.010m) bakarrik iritsi zen munduko lehen gizona ere bilakatu baitzen.
Itsasontzi bat hartu eta Alexandriarantz (Egipto) abiatu
zen 1930eko abuztuan. Kairo eta piramide famatuak bisitatu ondoren, Sinai
penintsulara jo zuen mendizale bizkaitarrak. Basamortu eta mendietan lau
egunez galduta ibili ostean, Sinai mendi biblikoa eta Yebel Katherin tontorra
igotzea lortu zuen.
Jarraian Suezera zuzendu zen, Kenyara eramango zuen itsasontzia hartzeko.
Monbasako portutik trenez jarraitu zuen bidaia, Tanganikako eremu basatiak
zeharkatuz. Bederatzi egun oinez bakardadean, soinean zeraman janari eta
material urriarekin, gauak aterperik gabe pasatu eta elur-ekaitz bortitzak
jasan eta gero, Afrikako mendi-erraldoiaren gailurra zapaldu zuen 1930eko
irailaren 17an. Espedizio honetan gorriak ikusi arren, igoera harrigarri
hau eginez, Espinosak erakutsi zuen mugagabeko kemena zeukala eta aparteko
indar fisiko nahiz psikikoaren jabe zela.
Bi urte beranduago, 1932an, berriro ere Afrikako deiarekin liluratuta, Maroko aldeko Atlas mendikaterantz abiatzeko erabakia hartu zuen. Bilbotik Marrakex-eraino hainbat herri bisitatu eta ibilbide horretan ikusitakoak bere bidaia-egutegian islatu zituen idatziz zein marrazkiz. Asni herritik hasita, mendikatearen gailurrik garaienera igo zen: Toubkal tontorrera (4.500 m). Beste bost egun Atlas mendilerroan igaro ondoren, itzulerako bideari ekin zion Casablanca, Xauen eta beste zenbait herri ezagutuz.
Alpeetako igoera ausartak (1929) eta Kilimanjaroko abentura
itzela (1930) burutu ondoren, goi-mendiek bereganatuko dute Espinosa betiko.
Sei mila metroak gaindituta, helburu garaiagoekin egiten du amets. Berak
aitortuko duen moduan, mendiak harrapatu egin du: “...edurtza aratzen
morroi nauzue, eta berauetan zehar noa, nire izate osoak haien mantu zuriaren
gainean lerratu beharko balu bezala" ["...soy un vasallo de las masas
inmaculadas, y voy por ellas, como si toda mi existencia tuviese que deslizarse
sobre su blanco manto”].
XX. Gizaldiaren hasierako lehen hamarkadetan Himalaismoak estreinako pausoak
ematen dihardu. Zortzi milatik gorako gailurrak mendean hartzeko lehia
bizia indartuz doa estatu indartsuenen artean. Horretarako espedizio handi
eta garestiak antolatzen dituzte: ingelesek Everestera, suitzarrek Nanga
Parbatera, alemanek Kangchenjungara, frantsesek Annapurnara, italiarrek
K-2ra, etab. Gailurrak lortzea estatu-arazoa bihurtzen da.
Himalaia mendikatea ezagutzeko desioak gaztetatik liluratu zuen Espinosa.
Bazekien bakarrik joanda ez zeukala zer eginik, baina Darjeeling-eraino
iritsiz gero, han Mr. Bauer, Kangchenjungarako espedizio alemanaren buruak,
bere taldean onartuko zuela pentsatzen zuen.
Honenbestez, 1931ko ekainaren 22an Bilbotik irten, barkua Marseillan hartu eta Port-Said-era (Egipto) jo zuen lehendabizi. Gero Itsaso Gorrian barrena Djibutiraino heldu, Indiako Ozeanoa zeharkatu eta, Kolonbon (Sri Lanka) geldialditxoa eginda, Madras-era (India) ailegatu zen, hogeita bi egunetako itsasketaren ondoren. Handik trenez jarraitu zuen Kalkutara eta Darjeeling-era. Hemen, ordea, burokraziarekin topo egin zuen: alemanak jadanik alde eginda zeudenez, erabat ezinezkoa gertatu zitzaion mendi-eremura bakarrik segitzeko baimena eskuratzea. Penaz eta etsita, itzulerako bideari ekin behar izan zion, Indiako hiri batzuk bisitatu ostean.
Hogei urte beranduago, Maurice Herzog eta Louis Lachenal
frantsesak izan ziren 8.000 metrotako muga hautsi zuten lehen gizakiak,
1950eko ekainean Annapurnaren tontorra zapaldu zutenean. Garbi dago zornotzarra
bere garaiari aurrea hartu zion mendizalea izan zela. Euskal mendizaletasunaren
historian urrats handia eman zuten gomazko abarka haiek.
Marrazkiak: I. Larrinaga